Aitor Iriondo
Directora de la Ikastola Aita Larramendi

Zer iruditzen zaizu ikastolako jantokian ezarri den ekin food proiektuaren kudeaketa berria? Ze aportazio egiten dio ikastolari? Ze hobekuntza ikusten dituzu?

Ekin food katerin zerbitzu hutsetik haratago doan proiektua dela garbi ikusten dugu. Bazkaltzea ez da helburu bakarra. Proiektuak ikasleengan zentratzen du bere begirada, eta jangelako orduetan, bazkaltzeaz gain, beste balore eta helburu batzuk lantzen ere saiatzen da. Ikasleei protagonismoa ematea bilatzen du, jangelako tarte horretan beraien parte-hartzea areagotuz: tailerrak eskainiz, elkarri laguntzeko ohiturak sustatuz, ohitura osasuntsuak bultzatuz, … Horrek lan egiteko eta jangela kudeatzeko beste modu batzuk eskatzen ditu, eta zentzu horretan, jangelako langileek ere formazio bereziak jaso dituzte.
Asko laguntzen du, gainera, guztiaren jarraipena egiten duen proeiktuaren arduradunarekin harreman estu eta zuzena izatea.

Zer iruditzen zaizkizu egiten ari garen tailerrak? Ekin Merkatua, Eko Taloa…

Orain arte aurrera eraman diren tailerrak oso ongi baloratu ditugu. Eguerdiko ekintza horietan ikasleek aktiboki parte hartzeko aukera izan dute. Tailerra gidatu dutenak oso erraz konektatu dute ikasleekin, hurbiltasuna eta interakzioa bermatuz. Estetika ere oso zaindua izan da, tailerrak egiteko erabili diren postuak oso politak eta erakargarriak izan dira.
Ikasleek ongi pasa dute tailerretan, eta ikasteko ere balio izan die: janariarekiko eta elikadurarekiko ikuspegia aldetzeko, zenbait kontzeptu berri lantzeko (elikagai transgenikoak, adibidez), eta baita zentzumen desberdinak pizteko eta lantzeko ere.

Menuen proposamen berriei dagokionez nola baloratzen dituzu? Arrain freskoa, kus kusa, mijoa…

Egia esateko menuaren eskaintzan hobekuntza esanguratsua egin dugula esango nuke, bai janariaren kalitatean, baita aukerak zabaltzeari dagokionean ere. Landare jatorriko proteinei menuan lekua egiteak elikadura osasuntsuago baten alde egiten duela uste dut.

Zer espero duzu ekin food proiektuaz?

Hasitako bidean jarraitzea. Alde batetik, eskaintzen diren tailerrak ugaritzea. Eta bestetik, jangelako antolaketan eragiten jarraitzea, ikasleen parte hartzea eta ardurak areagotuz.

Nola ikusten duzu ikasleek jatorduan ikastea, ondo pasatzea, laguntzea edo elkarbanatzea? Ze balorazio egiten dezu?

Oso aberatsa iruditzen zait, eta gainera horri elikadura osasuntsua gehitzen badiogu, ezin hobea!